ALFERRIKAKO SUFRIMENDUA
Printzesa eder bat senargaiaren bila zebilen. Aberatsak eta aristokratak hamaika bazterretatik ailegatuak ziren gortera oparirik ikusgarrienak eskaintzera. Harri bitxiak, lurrak, gudarosteak eta erresumak zeuden neska deseatuarentzako oparien artean. Hautagaietan bazegoen morroi behartsu bat, bere maitasuna baino eskaintzeko ez zeukana. Txanda iritsi zitzaionean hala mintzatu zen:
Printzesa, betidanik maite izan zaitut. Txiroa naizenez eta zuri eskaintzeko altxorrik ez daukadanez, nire sakrifizioa eskainiko dizut maitasun froga gisa. Zure leihopean ehun egun egongo naizjakirik gabe eta daramatzadan arropa soilekin. Hori da nire dotea. Printzesak onartu zuen, maitasun keinu ezohiko horrek hunkiturik:
— Aukera emango dizut. Froga gainditzen baduzu nirekin ezkonduko zara.
Egunak joan egunak etorri eserita egon zen leihopean mutila, haizeak, euriak, elurrak, gau izoztuak eta abar jasanez . Maitearen leihoan begirada iltzaturik iraun zuen morroiak, tinko helburuan, atzera pausorik gabe. Noizik behin, leihoaren errezelen artean printzesa ederraren silueta liraina ikusten zen. Hark keinu jator batez oniritzia bidaltzen zion. Dena ederto zihoan, are gehiago, baikorrenak eztei festak prestatzen hasiak ziren. Laurogeita hemeretzigarren egunean auzotarrak gerturatu ziren erregegaia aupatzeko. Dena zen alaitasun eta algara. Halako batean, ordu bete baino falta ez zenean, bertaratuen begirada harritupean eta printzesa aho bete hortz utzita, altxatu eta alde egin zuen gazteak atzera begiratu gabe.
Aste batzuk beranduago, gaztea bazter bakarti batean zebilela gerturatu zitzaion ume batek galdetu zion:
— Zer gertatu zen? Lortzeko zorian zeunden, zer dela eta alde egin zenuen? Zergatik galdu duzu aukera azken momentuan?
— Printzesa ezbada gauza izan ezta egun bakar bat barkatzeko, ezta ordu beteko nire sufrimendua laburtzeko, ez du nire maitasuna merezi.
Ez hurbildu zure sufrimendua arintzeko aukera izanik arintzen ez dizunarengana. Ez hurbildu maitasuna frogatzeko arrazoirik gabeko sufrimendua asmatzen, eskatzen, edo eta, eskaintzen duenari. Maitasunak ez du zerikusirik alferrikako oinazeekin, bizitzan guk asmatu gabe ere nahiko eta gehiegi dago atsekabea.
Merezi duzun errespetu eta begirunea eskatzea ez da harrokeria, harrotasuna baizik. Beraz, maitasun bikotean zein bizitzako edozein harreman motatan maite eta errespetatzen ez zaituenak ez zaitu merezi, are gutxiago kaltea eragiten dizunak. Merezi ez zaituenarengandik garaiz alde egitea zure burua ondo maitatzea da, eta hori da, dudarik gabe, maitasun guztien iturburua.
|