SULTANAREN AMETSA
Hortz guztiak galdu zituelako ametsa egin zuen sultan batek. Esnatzean, ametsaren esanahia azalduko zion jakintsu bat deitzeko agindu zuen.
— Hau hondamena, jauna!. Asaldatu zen lehenengo jakintsua. Eroritako hortz bakoitzak zure senide baten heriotza iragartzen du. Azaldu zion jakintsuak.
— Hori lotsagabekeria!! Oihukatu zion sultanak. Nola ausartu zara halakorik esaten? Alde hemendik, alproja horrek!!
Eta ehun zartakoko zigorra emateko agindu zien morroiei. Geroago, beste jakintsu bat ekartzeko agindu zuen eta ametsa kontatu zion lehenengoari bezala. Arreta handiz entzun, eta gero, zera esan zion bigarren jakintsuak:
— Jaun agurgarria, zorte handikoa zaitugu!
— Zure senide guztiak baino luzaroago biziko zarela esan nahi du ametsak.
Sultanaren kopeta alaitu zen, eta irribarre zabal batez urrezko ehun txanpon emateko agindu zuen.
Jakintsua jauregitik irtetean, oraindik liluraturik zegoen sultanaren aholkulari batek esan zion:
— Hau da hau! Egin duzun ametsaren interpretazioa aurreko jakintsuak egin duenaren berdina da, azken finean! Lehenengoak ordainez ehun zartako jaso du... zeuk, berriz, urrea! Hau bitxikeria!
Esan beharrekoak nola esan, hortxe koska. Esan zion jakintsuak. Komunikatzen ikastea da gizateriak duen erronka handienetako bat. Esateko moduaren arabera egoten da askotan zoriontasunaren eta hondamenaren, gerraren eta bakearen arteko lerroa. Ez dago zalantzarik, egia beti esan behar dela. Esaten den era, ordea, izaten da, batzuetan, arazoen iturburu handiena. Egia harri- bitxi batekin erka liteke: hartzailearen aurpegira jaurtikiz gero mina sor dezake baita zauria ere. Egia bera, baina, zetazko fardelean eta une egokian esaten bada onartu eta estimatua izango da.
|