GURARIEN ARBOLA
Behin hala, bidaian zebilen gizaseme bat paradisuan sartu zen konturatu gabe. Indirrenn kosmologiako paradisuan gurariak betetzen dituzten arbolak daude. Besterik gabe, haien itzalean eseri eta gogoetak izan ahala betetzen zaizkizu. Desioa eta hura betetzea batera izaten dira.
Gizona nekaturik zegoen eta halako arbola baten itzalpean loak hartu zuen. Esnatzean goseturik zegoen eta gogoetatu zuen:
— Goseak nago!. Jateko zerbait izango ahal dut?
Atoan, jaki zoragarriak azaldu zitzaizkion hutsetik. Hain zegoen goseak hartuta, non ez baitzuen inolako ardurarik izan, jana nondik etorri zen jakiteko. Goseak zaudenean ez baitzaude filosofiarako. Segituan jaten hasi zen, janari gozoa zen, benetan. Han zen gure bidaiaria, txoria garitan bezala. Behin, berdinduta, ingurura begiratu eta gogoeta egin zuen:
— Orain edateko zerbait izango banu...
Paradisuan debekurik ez dagoenez, jarraian, ardo eder bat agertu zitzaion. Haize suabea zebilen arbolaren abaroan. Ardoa husten zuen bitartean eta sabela berdinduta, gizona hasi zitzaion bere buruari galdetzen nola agertu ote ziren jaki haiek:
— Zer ari da gertatzen, bada? Ametsetan nabil edo mamuak dabiltza hemen niri ziria sartzen?
Beldurra sentitu zuen, hasieran puntu beltz txiki bat baino ez zen, baina gero, handitzen joan zen. Mamu ikaragarriak etorri zitzaizkion orduan. Izuturik, akabatuko ote zutelako ustea izan zuen eta, segidan, jo eta garbitu zuten.
----------------------------------------
Hauaitzineko parabola da, esan-nahi eskerga duena. Zure gogoa nahikari emaile den arbola da. Gogoetatzen duzuna inoiz, lehenago edo geroago, beteko da. Batzutan, gertakaria hain da latza, non desiratu zenuela ere ahaztu egiten duzun, eta ez daukazu iturria ezagutzerik. Baina inoiz konturatuko zara zure gogoetak ari zaizkizula bizitza eratzen. Zeru zein ifernu sortzen dizkizute pentsamenduek. Zure zoriontasuna edo zoritxarra. Norberak mundu magikoa ehuntzen dihardu. Amarauna bezala. Eta armiarma bere sarean harrapatuta gelditzen da. Hori ulertuta, errealitatea aldatzen hasten zara.
Erantzukizuna zurea da. Zure infernua zeru bihur dezakezu. Zure eskuetan egon liteke. Azkenean mundua sortzeari utzi ahal diozu. Sortzaileak atseden edo erretreta har dezake. Pentsagailuaren erretreta meditazioa da.
|