HARRI JOTZAILEA

Orain urte asko, Hokkaido uhartean, Humi gaztea bizi zen. Harri-jotzaile zuen ogibidea. Gazte eta sasoikoa bazen ere ez zegoen bere patuaz konforme eta kexatzen ematen zituen egun eta gauak. Horrela, egun batean, jainkoak hitz egin zion:

— Osasuntsu zabiltza eta bizitza zure zain.-Esan zion- Ekiteko garaia duzu. Zergatik ibiltzen zara beti kexaz?

— Ez zara zuzena izan nirekin. Ez didazu gora ailegatzeko aukerarik eman. Erantzun zion gazteak.

—Zure nahia beteko dut.

Biharamunean, harrietan zebilela, gurdi batean zihoan jauntxo bat ikusi zuen harri-bitxiz apainduta. Esku zikinduez kopetatik izerdia kendu, eta mingostasunez esan zuen:

— Zergatik ez naiz izango, bada neu ere jauntxoa!. Horixe da nire patua!

—Hala bedi ba. Jainkoak

 

Zerbitzariz eta zaldiz inguratutako jauntxo bihurtu zen, jauregi eta guzti. Egunero irteten zen paseoan morroiez lagunduta. Oso gustukoa zuen kide ohiak berari miretsiz begira ikustea. Behin, arratsalde batean, eguzkiaren indarra ikaragarria zen, baita urrezko guardasolaren azpian ere. Humi izerditan zegoen harriak txikitzen jarduten zuen egunetan bezala. Orduan konturatu zen ustez baino postu apalagoa zeukala, bere gainetik erregeak, printzeak... zeudela. Eguzkia ere garaiago zegoen hori baino. Inoren menpe ez zegoen eguzkia, hura zen benetako erregea.

— Zergatik ezin naiz eguzkia izan. Hori da nire patua. Kexatu zen gaztea.

— Hala izango da. Ihardetsi zion Jainkoak.

Eta Humi eguzki izan zen. Desioa bete zitzaion.

Zeruan zegoen harro eta distiratsu. Uztak hazteko zein erretzeko ahalmen eskergak zituen eta horrek liluratzen zuen. Horrela zegoela ortzian gune beltza hurbiltzen ikusi zuen urrutitik. Hurbiltzean hodei bat zela konturatu zen. Azpian zabaltzen zihoan eta lurra ikustea galarazten zion.

— Hodeia eguzkia baino indartsuagoa da. Nire patua hodeia izatea da.

Eta hodei bihurtu zen, hala nahi zuen eta.

—Ahaltsua naiz. Oihukatu zuen, eguzkia estaliz. Garaitezina naiz! Marru egiten zuen olatuen atzetik.

Baina ozeanoaren kosta soilduan haitz handia jaikitzen zen, mundua bera bezain zaharra. Humik, haitza desafio egiten ari zitzaiola uste izan zuen, eta egundoko ekaitza bidali zion. Inoiz harrotutako olatu ikaragarrienek haitza behin eta berriro kolpatu zuten, lurretik erauzi eta itsasora jaurtiki nahian. Baina haitzak lehenengo lekuan jarraitzen zuen irmo.

— Jainko nirea!- Negarrez Humik:- Haitza hodeia baino indartsuagoa da. Nire patua haitza izatea da.

Humi haitz bihurtu zen.

—Zeinek garaitu ahal nau orain?. Galdetzen zuen.-Munduko ahaltsuena naiz!

Eta haitz izanik urte batzuk pasa zituen. Goiz batean Humik min zorrotz bat sentitu zuen bere azalean eta jarraian beste oinaze latz bat. Norbait granitozko gorputza zulatzen zebilkion. Laster kolpe batzuk sentitu zituen eta segidan berriz min zorrotz hura. Minez zoratuta oihukatu zuen:

—Norbait ni hiltzen saiatzen ari da!. Hori bezalakoa izan nahi dut!

— Izan bedi,bada! Erantzun zion jainkoak.

Eta horrela, harri-jotzaile izatera itzuli zen Huni.

 

  Traducción al euskera por César Blanco (cblanco@irakasle.net)
   
 
 

Elena Fernández Bayo (artesbayo@gmail.com)

   
   
 
PINCHA ABAJO PARA CONSEGUIR LOS LIBROS DE LAS HISTORIAS
 
 
 
 
 
 

© WWW.LUZYSABIDURIA.COM