HIRU AHOLKUAK
Bikote ezkonberria zeharo txiroa zen. Auzokoen laguntzari esker irauten zuten senar-emazteek. Egun batean, senarrak ezkontideari esan zion:
— Maitea, horrela ez dago jarraitzerik. Lan bila abiatu behar dut, ez dakit zenbat denborako izango den. Baina, dirua eginda itzuliko naiz. Gauza bat eskatu nahi dizut, ni fidela izango natzaizu, eta horixe eskatu behar dizut zeu ere niri fidela izatea.
Egunak eta egunak eman zituen bidaian eta azkenean etxalde aberats bat topatu zuen. Nagusiak laguntza behar zuen etxaldeko azienda gobernatzeko, eta gaztea, bere burua eskaini zionez, hartu zuen. Gaztea itun hau eskatu eta nagusiak onartu zion gogo onez:
— Utz iezadazu lan egiten, neuk erabaki arte. Joatea erabakitzen dudanean zurekiko beharrak amaituak izango ditut. Bitartean ez dut jasoko soldatarik, zeuk gordeko didazu, dena batera emateko etxera bueltatzen naizenean.
Biak ados jarri ziren. Hogei urte eman zituen lanean ardura handiz, langile fina zen nagusiaren pozerako. Egun batean:
— Nagusi etxera itzultzeko garaia dut, orain nire dirua eman behar didazu.
— Ondo, bada, ituna egin genuen eta nik beteko dut. Baina beste proposamen bat egin nahi dizut, zeuk aukeratzeko: dirua eman eta bazoaz, edo, niri hainbeste onura ekarri didaten hiru aholkuak hartu eta dirua hemen uzten duzu. Zoaz gelara eta hausnartu lasai, gero emango didazu erantzuna.
Bi egunetan pentsatu zuen, zaila baitzen erabakia. Hirugarren egunean nagusiarengana joan eta:
— hiru aholkuak nahi ditut.
— Aholkuak hartuz gero ez dizut dirua eman beharko. Gogoratu zion nagusiak.
— Badakit, hala ere, aholkuak nahiago ditut.
Nagusia orduan hasi zen astiro:
- Ez onartu bizitzan lasterbide ustelik. Lasterbide ustelek dena ken diezazukete.
- Gaizkiaren aurrean ez izan ikusminik.Gaizkiarekiko ikusmina galbidea da munduan.
- Samin edo gorroto unetan ez hartu erabakirik. Gero okerraz damutzea alferrik izaten da eta. Damua garaiz.
Hiru aholkuak emanda, hiru ogi eskaini zizkion: bi bidaian flakeziak ez jotzeko, hirugarrena, handiena, emaztearekin batera etxean jateko. Orduan gazte izandako gizonak (hogei urte ez ziren alferrik igaro) ekin zion bide luzeari hainbeste maite zuen emaztearengana itzultzeko. Bidaian egun osoa zeramanean, gizon bat hurreratu zitzaion:
—Nora zoaz lagun?
— Hazarhaian herrialderantz noa.
— Orduan, etorri nirekin, errepide beharrean bide labur horretatik joaten naiz beti, eta askoz lehenago ailegatuko zara nik lagunduta.
Gizona pozik ekin zion bide berriari ezezagunarekin, baina berehala lehengo aholkuarekin gogoratu zen eta errepide nagusira itzuli zen azkar. Hurrengo herrian bide lapurren amarruan erortzeko zorian egon zela jakin zuen, tabernan bide haietan gertatutako hainbat lagunen desagerpen kontuak entzutean.
Egun batzuk beranduago nekearen bultzadaz ostatu batera sartu zen gaua igarotzeko. Ostatu saria ordaindu eta bainua hartuta ohera sartu zen, akiturik.
Goizaldean oihu izugarri batek altxarazi zuen, pasilora irten eta hasperenak entzuten ziren ate ondora joan zen. Atearen beste aldean hasperenak ez ziren isiltzen. Atea irekitzera zijola hirugarren aholkuaz akordatu zen. Gelara itzuli, atea sarrailarekin itxi, eta berriz oheratu zen lotan jarraitzeko.
Hurrengo goizeangosaltzen zegoela ostalariak galdetu zion ea entzun zituen oihu eta hasperen lazgarriak. Berak baietz esan, eta ostalariak:
— Ez zara zeinek egiten zituen ikustera joan?
— Joan egin naiz hasperenak zetozen ateraino, irekitzekotan egon naiz, baina gelara itzuli eta lokartu naiz.
Hau entzunda, ostalariak aitortu zion:
— Eskerrak horri! Hemendik bizirik ateratzen den lehenengo bezeroa zara. Nire semeak zoramen aldiak izaten ditu, atea zabaltzen duena jo eta erailtzen du amorrazioz.
Gure gizonak bidea jarraitu zuen etxerako minez. Egunak joan, egunak etorri, ilunabarrean, zuhaitzen artean etxeko tximiniari zerion kea ikusi zuen. Aurrera jarraitu eta emaztearen perfila ikusi zuen kristalaren karratuan. Ilun samar bazegoen ere, ikusi ahal izan zuen emaztea ez zegoela bakarrik. Pixka bat aurrerago, etxean gizon bat zegoela, eta emaztea hari musua ematenikusi zuen. Irudia buruan usteldu zitzaion, eta amorruz bete zen. Haiengana jo eta biak bertan akabatzeko desioa izan zuen. Baina, hirugarren aholkua etorri zitzaion gogora sakon-sakon arnastu, eta lasaitu arte ezer ez egitea erabaki zuen. Gau hartan basoan lo egin zuen. Bihar erabakiko zuen zer egin.
Goizaldean, gogoa lasaiago esan zuen:
— Ezin dut maite dudana hil. Berriz nagusiarengana itzuli, eta bere etxean berriz onartzea eskatuko diot. Lehenago, baina, emazteari esan nahi diot fidela izan natzaiola hogei urte hauetan.
Atarira hurbildu eta atea jotzera zihoala, emazteak ireki zuen kanpoan norbait sumatuta edo. Senarra ikustean besarkatu egin zuen indar handiz. Senarra bereizten saiatu zen, alferrik. Begi bustiekin, hainbeste urtetan fidela izan zitzaiola esan zion emazteari. Gero jarraitu zuen:
— Zuk berriz, traizioa egin didazu.
Emazteak ezer ulertu gabe esan zion:
— Nola diostazu hau! Beti fidela izan nauzu! Zure zain bizi izan naiz, beste gizonik ezagutu gabe.
Senarrak galdetu zion:
— Eta nor zen, bada, bart musukatu zenuen gizona?
Orduantxe gazte bat agertu zen atean.
— Hau gure semea da. Atzo hogei urte bete zuen. Diru ezean, musuak izan dira hogei urtetan urte-betetze eguneko opariak.
Senarra semearengana aurreratu, eta besarkada handi bat eman zion. Historia luzea zeukaten elkarri kontatzeko, eta goizeko otordua une egokia zen horretarako. Esne zopak egiteko asmotan aitak gordeta zuen hirugarren ogia hartu zuen, eta zatitzean, barruan hogei urtetan irabazitako dirua zegoela konturatu ziren.
|