SAGUA ETA SAGU-ARTEA
Hormako zulotik begira zegoela, postaz jasotako fardela irekitzen ikusi zituen saguak baserriko senar-emazteak. Irekitzen bukatu zutenean ikusi zuen postariak zer ekarri zien, zer eta sagu-artea (sagu lazoa)! Sagua izuturik gelditu zen.
Beldurra saihestu ezinik etxaldeko larrainera irten zen oihuka:
— Sagu-artea; sagu-artea erosi dute!.
Oilo andereak, zizaretan zebilela, burua altxatu eta esan zion:
— Jakina, zuretzat larria da, hil ala biziko arazoa; baina, niretzat, ez dauka inolako garrantzirik. Ez nau kezkatzen bat ere.
Arkumearengana joan zen orduan eta:
— Saguartea; saguartea erosi dute!
— Barka iezadazu, sagu jauna, baina ez daukat horretaz ezer egiterik, ez bada, zutaz otoitz egitea. Gogoan hartuko zaitut nire erreguetan.
Behiarengana jo baina hark horrela erantzun zion:
—Zer ba? Ni arriskuan ote? Ez bada!... hortaz...
Orduan etxera itzuli zen buru makur, zer egin hausnartuz. Gau hartan, burdin soinu zorrotz bat aditu zen sukaldean, sagu-arteak gatibu hartu zuen norbait edo. Etxeko andrea ohetik jaiki eta azkar abiatu zen tranpan zer zegoen ikustera. Ilunean ez zen konturatu sagu-arteak suge gorria buztanetik harrapatuta zeukanik eta eskua luzatu zuen. Sugeak eskuan heldu eta pozoia sartu zion andre gizajoari. Senarrak argia piztu eta zer gertatu zen ulertu zuen. Emaztea land-roverran sartu eta ziztu bizian eraman zuen ospitalera.
Ordu batzuen bueltan, berriro zeuden etxean. Emaztea sukarra handiarekin. Zorte txarreko ataka hartatik ateratzea kostako zitzaion; eta, bidea errazteko, zer hobe salda beroa baino? Baserritarra aiztoa eskuan zeukala oiloaren bila joan zen. Oiloarenak egin zuen!
Emaztearen suspertzeak luze jo zuenez, auzotarrak bisitan etorri zitzaizkion. Esker onez gizonak arkume errea prestatu zien. Arkumearen zorigaitza!.
Etxeko andreak hobera egin beharrean txarrera egin zuen eta azkenean zendu zen. Orduan baserritarrak ehorzketako gastuak ordainduko bazituen, behia salduzion harakinari, horrek hiltegira eraman zuen. Bitartean sagua, zulotik so, dena begi, dena belarri. Gogoeta argia buruan: “besteen arazoak neureak ere badira”.
|