PITZADURAK

Bazihoan Beliturri ondoko basetxeko andrea Zargazteluraedateko ura saltzera. “Errubia” behor galanta ondo atondurik. Buztinez egindako tina pare bete ur, aberearen bizkar sendoan. Tinak zaharrak baziren ere, oraindik gordetzen zuten, euren forma biribil koloredun irudietan, buztingilearen esku maitaleek sortutako edertasuna. Ibili ahala nabarmena zen ezkerreko tinak galdutako ur arrastoa bidean.

Egun hartan, inoiz badira eta tinak ere hiztun diren egunak,pitzatutako tinak, azken boladan zekarren kezka, azaldu zion urketari andreari:

— Nagusi, aspalditik, herrira ailegatu orduko, nire zamaren herena edo galdua da dauzkadan pitzaduretatik, eta zeu zakur-handi batzuk alperrik galduta etxeratzen zara egunero. Hau hola izanik, nola ez nauzu tina berri batez ordezkatzen?.

— Tina ederra haiz eta oso gogoko izan haut nirekin izan haizenetik, hala ere bazegon arrazoi gehiago hi ez aldatzeko... gaur etxerako bidaia, ohi ez bezala,ahuspez egingo dun, zerura begira beharrean, bideari begira egingo dun. Basetxean hitz egingo dinagu.

Lizarra aldeko mendi lerroan eguzkia gorde orduko, etxean ziren ur saltzailea, behorra eta tina zaharrak.

— Zer ikusi dun bidean? Galde egin zion tina pitzatuari.

— Ba, lore pilo bat, itxuraz behintzat, antzua behar zuen eremu latz idor batean. Benetan polita bidea.

— Begira ezan, loreak hire aldean baino ez zauden, eta, gainera, ez loreak bakarrik; orain gutxi, basa-marrubi gozoz josita egon dun bidea, eta laster, irailean, masustak eta aranak izango dizkinagu. Hire pitzaduren isuriak eta nire hazi batzuek egin dinate edertasun hori.

Tinen isiltasun izaerara itzuli zen orduan, eta urte asko igaro ziren oraindik, tina zahar haien buztina berriz Ama Lurrarekin bat egin arte.

 

   

 

 

 
 
 

Elena Fernández Bayo (artesbayo@gmail.com)

   
   
 
PINCHA ABAJO PARA CONSEGUIR LOS LIBROS DE LAS HISTORIAS
 
 
 
 
 
 

© WWW.LUZYSABIDURIA.COM