ILARGIAK ERREGINA IZAN NAHI ZUEN
Haizea ari zuen ortzian. Ilargia atseden luzearen azken nagiak ateratzen ari zen. Eraldatzen ari zela amets egin zuen gaueko erreginak. Eguzkia zain zeukan, itzal luze eta hodei gorrixkekin jolasten zen bitartean.
-Adio, andrea, ni banoa. Agurtu zuen
-Ez, eguzki, egon, zerbait galdetu behar dizut.
-Bota.
-Zu bezalakoa izateko zer egin behar dut?
-Ene!, ni bezalakoa izan nahi duzu?
-Baietz uste dut.
-Eta zergatik ez duzu zaren bezalakoa izan nahi?
-Aspertuta nago: argi gutxi eman; nire burua zatika bakarrik erakutsi; kandelak baino gutxiago argitu... horretaz guztiaz nekatuta nago.
-Hori txarra al da zuretzat?
-Ez txarra, ez ona, baina aldatu nahi dut. Erregina izan nahi dut.
-Zer egingo zenuke erregina izango bazina?
-Bizitza ahalbideratzeko beroa zabaldu... denontzako osoa izan, galburuen irribarreak eta azuzenen laztanak banatu... Ni egunero itzultzea desio dezatela nahi dut, jainkosa bezala ni gurtzea...
-Asmo handiak dituzu, beraz.
-Bai horixe!. Esan eguzkia izateko zer egin behar dudan.
-Erraza, galdera... baina zaila, erantzuna! Nik neuk zer bide jorratu nuen esan ahal dizut. Dakidanez beste eguzkiak ere bide horietatik igaroak dira. Ezinbestekoak dira egunez erreinatzeko.
-Esan, bada! Arren!
-Lehendabizikoan zure baitatik aldatu beharko zara. Zure barruan leherketak gertatuko dira, su eztandak sorraraziko dizkizutenak. Zure izan guztia joango da aldatzen.
-Jarraitu, jarraitu...
-Zure gainazala tenkatu eta urratuko da energiari irtenbidea emateko, eta irtetean suzko zauriz josita utziko dizute. Gero, orbaindu beharko dira emeki-emeki.
-Ene! Latza ematen du!
-Bai, bada. Hazkundea mingarria da.
-Eta... hori burututa, erregina izango naiz?.
-Ez, bada. Oraindik pasarte latzak faltako zaizkizu. Orduan erreinatzeko gaitasuna lortua izango duzu, baina, horren ostean,jarraitzaileak bilatu beharko dituzu ortzi zabalean.
-Ulertzen dut, erresuma eskuratu beharko dut.
-Holako zerbait! Astroak erakarri beharko dituzu, zure beroa jaso eta zure agindutara jar daitezen. Etorkizunerako asmoak eratzen lagundu beharko diezu. Zurekin batera jorratuko dituzten ibilbideak erakutsi edo iradoki. Eta haien zerbitzari izateko eskaini zeure burua.
-Baina alderantziz beharko luke, ezta? Haiek jarri beharko lirateke nire zerbitzuan!
-Hola egiten ez baduzu, menpekorik gabe geldituko zara. Zeren gainerako eguzkiek betetzen dute ortziaren lege zahar hau, maitasunaren legea, eta menpekoak eramango dizkizute.
-Beno, onartu egingo dut, eta nire argia eta beroa eskainiko dizkiet. Besterik?
-Zure betebeharrak egunero garaiz eta zehazki burutzen ikasi beharko duzu, sekulan huts egin gabe. Segundo bakar bat ere atzeratu gabe. Goizaldean puntu-puntuan ekialdean agertu; zure ibilbidea zehaztasun handiz bete; abiadura jakin horretan... Aurreikusitako orduan gingara ailegatu. Eta, ilunabarrenean, argia eta beroa agortzen zaizkizunean, agurtzeko xaloa izan. Egunero hil egin beharko duzu.
-Orain egiten dudanaren antzera... ez zait zaila iruditzen!
-Estaltzen zaituztenak apaltasunez jasango dituzu kontra egin gabe Zu estaltzea onartuko duzu eta jarraituko duzu, irribarrez, betiko argi eta beroarekin itzultzeko pronto.
-Nola onar dezake erreginak umiliazio hori?
-Zure konpromisoaren oinarrizko zati bat delako.
-Ondo, bada, eguzki anderea, eta noiz egongo nintzateke gobernatzen hasteko prest?
-Ene laguna, milioika urte igaro behar dira gero.
Ilargia isilik gelditu zen. Eguzkiak alde egin zuen zeru ertzetik. Eta ilargiak ea mereziko ote zuen hausnartzen pasatu zuen gaua.
–Negozio txarra urrutiko erresuma eskuragaitz horiprintzerriarekin trukatzea, esan zuen azkenean.
José Antonio Prades
|